Auzitegi Nagusiko Salak ezetsi egin du Estacionamientos y Servicios S.A. enpresak Gazteluko Plazako lur azpiko aparkalekua zela-eta jarri zuen kexa-errekurtsoa. Berretsi du, beraz, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia.

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epai irmoak, hortaz, Gazteluko Plazako aparkalekuaren ustiapenaren adjudikazioa hartu zuen enpresarekin egin zen kontratua etetera behartzen du. Hala ere, Yolanda Barcina alkatea, UPNCDNren eskutik, kasurik ez egiten saiatu da, lotsagabekeriaz EYSSA enpresaren interes ekonomikoak defendatzearren eta kostuak Iruñeko herritarren bizkar uztearren, horretarako kultur ondarea txikitu behar bada ere.

Batzuek, epaitegietan nabarmen gelditu denez, aurrera segitu nahi izan dute prozesua legez kontrakoa izanagatik. Bistan da noren mesedetan, ezagunak baitira irabazian atera diren izen, deitura eta siglak. Ez dute onartu nahi izan beren jokabidearen ondorio ekonomiko edo politikorik eta, gainera, erabaki demokratikoaren mozorroa jarri nahi izan diote lege-izurrra baizik ez zen jarduerari.

Horregatik, herritarrengana jo nahi dugu, sinetsita baikaude posible dela irtenbide bat aurkitzea, Gazteluko Plazaren auzian izandako esperientzia kontuan hartuta, herritar guztioi lapurtu ziguten kultur ondarearen parte bat berreskuratzeko. Laburbilduz:

Aparkalekuak lau solairu ditu, horietarik bi auzokoentzat eta beste biak libre edozeinentzat. Korrika eta presaka egindako hondalanaren fruitu, milaka pieza eta hondar arkeologiko daude bildurik, ez zaie inongo erabilerarik eman, eta ez daude jendeak ikusteko moduan. Haien balioa eta esanahia ere gal litezke, beren testuingurutik kanpo, eta egoerak okerrera egin lezake denbora pasatu ahala.

Veneziako gutunak -ondarearen arlorako UNESCOren zuzentaraua- aholku espresua ematen du aztarnategietan aurkitzen diren gauzak bertantxe uzteko, inora mugitu gabe. Maila bereko beste arau batzuek espresuki gomendatzen dute hirien erdialde historikoetan lur azpiko aparkalekurik ez dadila egin, arrisku handia baitago hondar arkeologikoak txikitzeko.

Zoritxarrez, egin egin da aparkalekua, baina une erabakigarria dugu orain, epaiak aukera ematen baitigu sekula mugitu behar ez ziren aztarnak berreskuratu eta beren lehengo tokira eramateko.

Bueltarik ez duten erabakiak hartu zirenez, eta gaitz erdia onartuta, hauxe da gure proposamena: beheko bi solairuetan auzokoentzako aparkalekua mantentzea eta goiko bi solairuak hiriarentzat irabaztea, bertan MUSEOA jarriz.

Balio handiko edukia izan dezake museoak, eta tokia ere badago, nahiz eta, zoritxarrez, ez zen horrexetarako eraiki, baina arkitekturaren ikuspuntutik egokitu liteke errentagarritasun kultural handiko proiektu eder baterako. Eta ez dezagun ahaztu errentagarritasun ekonomikoa ere izan lezakeela, agerikoa baita gero eta garrantzi handiagoa duela turismo kulturalak. Gure ustez soluzio ona da hau Gazteluko Plazaren aberastasun arkeologiko eta historikoa bertara itzul dadin, inongo erabilera edo zerbitzurik izan gabe egon ez dadin. Beste edozein aukerak bere testuingurutik kanpo
ateratzen du altxor arkeologiko hau.

Proposamen honek –UNESCOren jarraibideak kontua hartuz egina– Europako laguntzak lortzeko bideak irekiko lituzke, museoaren proiektu honetan aberastasun eta garrantzi handiko hondarrak egonen liratekeelako: Pompaelo hiri zaharraren termak, Karlomagnok VIII. mendean suntsituriko harresiak, bideak, erromatarren garaiko bide, hilobi eta tailerrak, Erdi Aroko nekropolia (300 bat hilobi), Erdi Aroko Zurriburuko auzoa, Erdi Aroko komentu eta gazteluak, hezur-tailerrak, menhirra, erromatarren garai aurreko etxola, zeramika eta zolen hondarrak, Brontze Aroko zeramikak, baita aurreragokoak ere.

Teknika modernoei esker, soluzioak bilatu litezke aztarna arkeologikoen aberastasuna eta garrantzia nabarmentzeko. Material gutxiago bildu den proiektu batzuetan berreraikitze- lan zoragarriak lortu dira.

Gazteluko Plazako aztarnategia hain da aberatsa eta hainbeste garai eta aro hartzen ditu ezen oso ongi adierazten baitu Iruñearen historia Brontze Arotik honaino inolako etenik gabe. Iruñearen iraganaren artxibo paregabe eta osatua da. Gainera, bikoitza da aukera hau, ondare arkeologikorako biltegiak, Cordovillakoak alegia, bete-beteta baitaude 2004az geroztik. Ordutik aurrera lokal desegokiak erabiltzen ari dira horretarako, segurtasunik gabeak, behar bezalako kontserbazio neurri gutxienekoak betetzen ez dituztenak. Horregatik, Museoaren alterbatiba honen alde egitera animatu nahi dugu jendea, hau delako, gure ustez, gure hiriari eta Nafarroa osoari kendu zaion ondarea berreskuratzeko

Jesús Velasco Iriarte (ex-alcalde de Pamplona), Jacinto Martínez Alegría (ex-concejal del Ayuntamiento de Pamplona), Miguel Ángel Muez Ororbia (ex-concejal del Ayuntamiento de Pamplona), Pablo Ibañez Olcoz, Pello Iraizoz González, Pello Iriarte Lusarreta, Jesús Manuel Arbizu Xurio, Txema Aranaz Cordón.